Barkamena eta hausnarketa


BARKAMENA ETA HAUSNARKETA

Euskararen Legearen aldaketa Parlamentuan ez onartu izanaren ondorioz, bertan ni egon ez izanak beharrezkoak ziren 26 botoren gehiengo osoa batzea ezinezkoa egin zuelako, behar-beharrezkoa egiten zait barkamena eskatzea eta hurrengo hausnarketa egitea.

Lehenengo eta behin, joan zen maiatzaren 8an, eta ni han ez nintzelako egon, eremu mistotik kanpo egoteari utzi behar zioten herrietako bizilagunei zuzendu nahiko nuke. Era berean, euskaltzaleei, aldaketa partziala bazen ere, ilusioz espero zutelako aipatutako aldaketa.

Barkamena eskatu nahi diet herritar guztiei, ni ez egotearen arrazoiak ezagutu beharrik ez dutelako; nire kontrako interesdun astinduaren berri izan dute bakarrik, haserretu egin dira eta ni bilkuran ez egotea gaitzetsi dute. Bereziki, Nafarroa Bairi, eta, beraz, niri bozka eman zidatenei ere eskatu nahi diet barkamena.

Aralarri eta Nafarroa Bairi ere barkamenak eskatzen dizkiet, gertatutakoaren ondorioak jasan behar izan dituztelako eta, ondorioz, euren irudia zikintzea jasan, ardura osoa nirea denean.

Parlamentuari, Mahaiari eta Bozeramaileen Batzordeari osoko bilkurari begira tramitatzeko dauden edozein gaiekin gai zerrenda osatzeko duten legitimitate eta aginte osoa aitortzen diet. Are gehiago, hainbeste luzatu den Euskararen Legearen aldaketa tramitatzeko bada.

Nire defentsarako, esan nahi dut ezinezko zitzaidala aurreikustea lege proposamenaren bozketa nik kale egin dudan osoko bilkuran egingo zela. Euskararen Legearen aldaketa 2007aren amaieratik zegoen tramite parlamentarioan. Apirilaren 18an, bidaia hasi nuenean, ezinezko zen aurreikustea noiz gehituko zuten gai zerrendara. Baina hilaren 21ean, hain justu, astelehenez, gehitu zuten Batzordeak eta Mahaiak.

Gai zerrendara gehitzea onartzea lege aldaketak beharrezkoa zuen gehiengo absoluturik ez zela egongo jakinda egin zen; izan ere, talde guztiak zeuden nire ausentziaren jakinaren gainean.

Onartzea ezinezkoa zela jakinda gehitu zen gai zerrendara, eta, horrek gertatutako guztiaren gainean galdetzera narama. Aterako ez zen bozketa behartu izanaren zentzuaz galdetu beharra dago, zorionez berriro landuko bada ere.

Legearen aldaketaren interes hutsagatik, ez zatekeen maiatzaren 8ko osoko bilkuran eztabaidatu beharko. Hilaren 22ko bilkuran egongo nintzela jakinik, eztabaida atzeratzea onuragarria litzateke, eta onartzea izango dena baino azkarragoa litzateke.

Gertatutakoa zalantza gabe ondo baliatu duten aukera izan da, zalantza gabe. Lehenengo eta behin, Euskararen Legea aldatzearen kontra daudenek baliatu dute, aldaketa hori zikintzeko. Nafarroa Bai higatzea ere bilatu dute, koalizioak beren estatusa zalantzan jarri duelako eta Erkidegoaren gidaritzan jarraitzea mehatxatzen duelako. Hirugarren alde batetik, izan den neurri gabezia eta erabilitako zitalkeria kontuan izanda, nire izen ona zikintzea ere bilatu dute. Oraindik eta harridura handiagoa eragiten du, eta min handiagoa ere ematen du, nola batzuk horren erraz edota konplexuekin bat egin duten Erkidego honetako interes kerratuek emandako doinura, hirugarren mailako desadostasun politikoak edo pertsonalak konpontzeko helburuarekin, eta konturatu gabe erasoak, nire buruaren kontrakoak, guztioi eragiten digun dimentsioa, moralkeria eta gezurrezko etika daukala.

Hausnarketa horrek ez du kentzen nire buruari kritika egiteko daukadan gaitasuna, eta hau guzti hau arrazoi bakarrarengatik izan dela posible onartzeko gaitasuna: denbora tarte honetan nik utzi dut bete gabe Parlamentuko nire jarduna. Horrek egin du posible beste batzuk honetaz guztiaz baliatzea eta kanpaina honen garapena.

Begi bistakoa da behin arrazoia aurkituta, Euskararen Legearen tramitazioa, gehiengoa osoa behar zuen tramitazioan zegoen lege bakarra, nire buruaren kontra erabilitako argudioak hauek izan dira: nire parlamentari zereginak uztea, 50.000 euroko soldata izanda eta hiru hilabeteko oporraldia izanda nola joan naitekeen oporretan hilabete batez bilkurak egiten diren garaian. GOITIK BEHERA UKATZEN DUT. Pertsona baten izen ona zikintzeko argudio egokiak direla ez dut ukatuko, baina orain ukatzen dut eta oporretara joan gabe ere egingo nuke, iaz, adibidez, gertatu zitzaidan bezala.

Politikari guztiak neurri berean eta araudi batean jasotako parametroen arabera —erakundearen jarduera eta bilkura garaia arautzen du bakarrik— neurtzen direla gizarteari saltzea, horren inguruko kanpaina mediatikoa egitea, gezurra esatea da. Gezurra bakarrik ez. Parlamentuko jarduna eta parlamentarioak kasta berezi baten kokatzen ditu neurtzeko arau horrek, parlamentariena herritarrengandik urrun dagoen kasta bailitzan, gainontzeko langileek ez dituzten arau eta pribilejioak dituena. Hain justu, eredu horrek bat egiten du eskuinekoen nahiekin. Horrekin ez dut inoiz bat egin, eta ez dut inoiz egingo. Inoiz ez ditut erabili pribilejio horiek, eta erasotzen nautenei ez diet legitimitaterik emango nire lana pribilejio horien arabera neurtzeko.

Egia da Araudiak bilkurak egiteko garaia jasotzen duela, eta urtarrila, uztaila eta abuztua ez direla horren barruan sartzen. Era berean, eta hori oraindik eta larriagoa da, araudiak ez ditu behartzen parlamentariak Parlamentuan egotera, ez bada batzordeetarako edo bilkuretarako; baina zeregin horiek astean 2-3 egunetan eta egunean gehienez ere 3-4 ordu eginda betetzen dira. Baliteke hori izatea bozketa egunean ni Parlamentuan egon ez izana zitalkeria handi horrekin erabili dutenek babesten duten eredua. Ez da nire eredua, Aralarrena eta Nafarroa Baiko gehiengo batena ere ez. Kanpaina hau sustatu dutenek badakite —eta gainera, hori frogatu daiteke— nola ulertzen dudan erakundearekiko eta gizartea ordezkatzeko hartua daukadan konpromisoa zenbaterainokoa den.

Egutegi ofizialetik haratago, Parlamentura joanez daramatzadan bost urteetan, asteko egun guztietan ordu askoz egin dut lan. Inoiz, parlamentari daramadan bost urteetan, ez dut izan hiru hilabeteko oporraldirik. Nire jarduna eta tramitatu ditudan ekimen eta gaiak —beste edozein parlamentarirekin alderatzeko prest nago duten garrantzia eta haien kopurua— bilera ugariren, harremanen, herrietan izatearen, gizarte mugimenduekin eta elkarteekin eta pertsonekin egotearen ondorioa dira. Ekimen edo proposamen bakoitzaren atzean horrelako ekinbiderik aurreikusten ez dutenek, eta araututako pribilegioen defendatzaile sutsu direnek, horiek guztiak ez dituzte kontuan hartu, eta jakina ez dituzte kontuan hartu nire ekinbideen atzean dauden guztien aldarrikapenak eta arazoak.

Onartzen dut nire erantzukizuna, ni kanpoan izateak ekarri dituen ondorioei dagokienean. Baina lanik ez egitea, konpromisorik ez izatea edo ekimen parlamentario eza leporatu nahi badit norbaitek, gezurretan ari da. Gezurretan ari da, edo erraz jakin daitekeen errealitatea ezkutatu nahian; Parlamentuko erregistroa edo Bilkuren buletina ikustea besterik ez dago.

Ez dut erabili den beste argudio bat saihestuko. Hau benetakoa da: parlamentarioek 50.000 eurotik gora kobratzearena. Ez dakit asko ala gutxi den, seguruenik asko, batez ere Nafarroan dagoen mileuristen kopurua kontuan izaten badugu. Beti izan naiz gardena parlamentari batek zenbat kobratzen duen adierazteko orduan. Ostera, zuhurragoa izan naiz nire alderdiaren soldata baldintzak plazaratzekoan. Ziur izan, egunero batera eta bestera ibiltzeak dakartzan gastuak kendu eta gero, bizitzeko haina geratzen dela, ondo, baina bizitzeko haina.

Ziurtasun osoz esan dezaket ez nik, ez Aralarreko, ezta Nafarroa Baiko ezein kargu publikok ez duela etxera diru gehiago eramatea dakarren bestelako soldatarik jasotzen. Egokia izango litzateke nire kontra erabili duten indar berarekin, hedabideek denbora eskaintzea soldatak eta karguak biltzen dituzten eta, ondorioz, Parlamentutik azaldu ere egiten ez diren UPNko parlamentari kopuru aipagarriari begiratuko baliote. Bestalde, ez litzateke txarra izango hain kontu handiz banatzen eta hain esker onez betetzen dituzten Kontseilu, Enpresa Publiko, Fundazio eta abarretan jasotzen diren soldaten eta dieten batuketa egitea.

Ez dut ukatuko ondorioak aldez aurretik jakin izan banitu ez nukeela bidaia hori antolatuko. Kontrakoa esatea arduragabekeria izango litzateke. Hala ere, esan nahi dut bidaia 2007ko urrian antolatu nuela, eta ardura eta naturaltasun handienarekin egin nuela. Arduraz jakin banekielako ni kanpoan izateak ezin zuela egiten ari garen lanarentzat galga izan. Horretarako, Nafarroa Baiko taldeak tramitatuak zeuden gaiak bere gain hartu zituen, eta ni hemen izango banintz bezala defendatu ditu.

Naturaltasunez; parlamentario izateak nire ohiko bizimodua, ohiko harremanak aldatzea ekidin dudan modu berean, naturaltasunez ikusi izan dudalako parlamentario izatea eta nire zaletasunik handiena, mendia, uztartzea.

Baliteke oker egotea edo politikaz dudan ikuspegia beste sasoi batekoa izatea, baina ez diot justifikaziorik bilatzen hainbeste gauza, kasu honetan mendia, partekatzen ditudan pertsonekiko diferente izateko. Parlamentario legez aritzea beste pertsonen normaltasunarekin egitea ezinezko bada, bizitza pribatuaren kontziliazioa barne, zerbait oker dabil.

Aitortu beharra daukat gertatu denak eragin didan ezustea. Nire ausentzia kritikagarri dela onartuta, erreakzioa ez zait ulergarria ezta proportzionala iruditzen. Zaila egiten zait ulertzea parlamentario baten oporraldia hamar egunez albistea izatea Nafarroan. Duda izpirik gabe, nire pertsonaren kontrako kanpaina ikusten dut. Baina, zergatik hainbestekoa? Baten batek zioen, norberaren maila bere etsaien erreakzioaren tamainakoa dela; eta, kasik atsegin egin zait hainbeste esfortzu eta bitarteko horri begira ikustea. Baita, hain ezberdinak izan izana.

Nire bizkar egindako kanpaina, eta agian apirilaren 17an hain modu farisearrean agurtu ninduten pertsonetako batzuk ezagutuko zutena, ezin da ulertu ez bada nire aktibitate politiko eta parlamentarioa ezagutzen delako. Lan egiteko nire eragatik, gobernuan daudenentzako nekagarri izaten delako eta, agian, erkidego honetako hainbat interes eta estamenduren kontuzko gaiekin ausartzen naizelako. Askok pentsatuko dute gertatutakoak ez dakit zein etorkizuneko asmo zapuzten duela, era horretako aspiraziorik inoiz izan ez dudan arren.

Nire formazio politiko pertsonala, ezkerreko nire ideologia eta nire gogoek inolako duda barik kanpaina politiko horren kontra oldartzea eskatzen didate. Helburua izan da nire burua erretzea eta ordezkatzen eta defendatzen ditudan proiektuei kalte egitea. Dena dela, militatzen dudan Aralar alderdiari eta ardura kargua dudan Nafarroa Bairi zor natzaio. Gertatutakoren ardura onartuz, izaera pertsonalekoa erabat, bi erakundeen eskuetan jartzen dut nire burua, zorigaitzeko egoerari gehien komeni zaion soluzioa eman diezaioten, Nafarroako gizartearen aldaketa defendatzen dugunon proiektuaren onerako.

Azkenik, kanpainaren presioa jasanda ere, eta egoeraren larritasuna eta bere ondorioak ezagututa ere, maila pertsonalean gertu izan ditudanei nire esker ona adierazi nahi diet, nire aldetik ardura izanda ere miseria politikotik gehiago duen gertaera bat urteetan egindako lanaren aurretik jarri dutelako.




Txentxo Jiménez Hervás

Iruñea 2008 / 05 / 20