ANTZERKI SAREA. NaBai herrien parte hartze handiagoa galde egiten du

Nafarroa Bairen parlamentari eta Nafarroako parlamentuko kultura batzordekide Patxi Txelletxeak hainbat ekimen aurkeztu ditu Nafarroako Antzerki Sarearen inguruan, bai eta Maria Josefa Huarte Baamontek Nafarroako Unibertsitateari emandako lanen inguruan. Telletxeak salatu egin du “gobernuak antzerki sarea herrietako erakundeekin ezer lotu gabe abiarazi izana”.


Telletxeak azaldu duenez, teknikoekin landu du gobernuak proiektua, baina herrietako erakundeak ere ezinbestean kontuan hartu behar direla eta horregatik salatu egin du “ekimenaren diru partida eskasa” izatea “jabieradak, esaterako, 13 milioi euroko aurrekontua izan duenean”. Telletxearen iritziz, “ez da batere justua Gobernuak diruz ez laguntzea herrietan bultzatzen diren kultura ekimenak” eta gogoratu du “kasu askotan gainera aspaldi eraikitako eta urte luzez martxan diren kultura etxeak izaten direla”.


Horren aurrean, Nafarroa Baik hainbat ahozko galdera egingo dizkio kultura sailburu Jose Ramon Corpasi, horien artean herriek antzerkian inbertitzen dituzten 4 milioi euroren aurrean, gobernuak antzerki sarera 600.000 euro bakarrik zergatik bideratu dituen.


Era berean, Telletxeak adierazi du jakin egin nahi duela ze beste ekimen lagunduko duen diruz Nafarroako gobernuak sormen lana sustatzeko.


Bestalde, NaBaik hainbat ekimen aurkeztu ditu legebiltzarrean Huarte familiak Nafarroako Unibertsitateari eman dion ondare bildumaren gainean. Telletxeak adierazi du ezagutu egin nahi dutela kultura sailak egin dituen gestioak ondare hori kudeatzeko orduan. “Ez dugu ulertzen nolatan geratu den ondare hori guztia entitate pribatu baten eskuetan eta ez erakunde publiko baten eskuetan”, azaldu du Telletxeak. Bide horretan, NaBaik ekimen zehatza bideratu du parlamentuan. Mozioa aurkeztuko duela iragarri du NaBairen bozeramaileak Nafarroako gobernuari eskatuz ez diezaiola eman diru laguntza publikorik ezta finantzazio biderik ere Nafarroako Unibertsitateari Huarte familiaren ondarea hartuko duen museoa eraikitzeko.